Aurkezpena


2006ko egun batean Enrico Casarosa ilustratzaile italiarrak (orain dela gutxi Oskarretan nominatua izan dena  "La Luna" animaziozko film laburragatik - uztailean estreinatuko da, Casarosak lan egiten duen Pixar estudioetako Brave pelikularekin batera) zera bururatu zitzaion:  bizi den San Francisco hiriaren inguruan marrazki-maratoia,  SketchCrawl  delakoa, burutzea.
Ideia lagun batek eman zion, urte batzuk lehenago ikasleen jai bat antolatu zuena: tabernaz taberna, San Francisco-ko N-Juda tranbiaren ibilbidea jarraituz, hamar bat tabernara joatea zen helburua, baina Enrico-k dioenez zazpigarrenera ez ziren heldu... Jai honi PubCrawl deitu zioten.

Lehenengo SketchCrawl-a bakarrik egin zuen, koadernoa, arkatza eta akuarela kaja batekin.    Jardunaldia nekagarria izan zen, bere esanetan, baina oso aberasgarria. Hori bai gauza bat somatu zuen faltan: jardunaldia partekatzea. Eta hurrengo jardunaldietarako deialdi publikoak egitea erabaki zuen. Deialdiak, bi hilabetez behin, Internet bidez egiten ziren eta jardunaldian egindako marrazkiak igo egiten ziren orain egiten den bezala. Mundu osoan zehar komunitatea handitzen doa.

Euskal Herriko lehenengo SketchCrawl-a Donostian egin zen, 2011ko apirilean. Bileraren jatorria Zaragozako Unibertsitateak antolatutako De Vuelta con el cuaderno udako ikastaroan dago. 

Zabaldu berri zegoen San Telmo museoa bisitatzeko gonbitea jaso genuen eta bertan hartuta dago behean ikusten den argazkia. Ez bakarrik Euskal Herritik, beste lekuetatik etorritako lagunak ere gurekin agertzen dira.

Sortzaileak inspiratuta, blog honekin lekukoa hartzen dugu eta  Euskal Herriko SketchCrawl-ak  konpartitzea eta gure eremu geografikoan  marrazki-hitzorduak maiztasun gehiagorekin egiteko asmoa azaldtzen dugu.